PRINTZIPIO METODOLOGIKOAK
- Ikuspegi eraikitzailea
Ikuspegi honi esker, ohartzen gara umearen autonomia garatzea guztiz beharrezkoa dela, bai bere ikaste prozesua normaltasunez garatzeko, baita ikasten ikasteko gaitasuna ahalik eta gehien garatzeko ere. Horretarako, ordea, ardura, autonomia eta konfiantza aldi berean eskaini eta sentiarazi behar dizkiogu bere ikaste prozesuan: konfiantza, egingo duen hori baliagarria eta egokia izango dela sentiaraziz; autonomia, bere kabuz eta bere moduekin egiten onartuz eta utziz; eta ardura, eskatutako lanaren erantzukizuna ulertaraziz.
- Aniztasuna aberastasun iturri
Ikasleen aniztasunak indartzen saiatzen gara eskolan, norbanakoak izan dezakeen edozein gaitasun beste edozeinen parean jarriz. Beharrezkoa da ume guztiak desberdinak direla kontuan hartzea eta aldi berean biziko dituzten ikaste prozesu guztiak ezberdinak iango direla ulertzea.
- Interakzioa eta Kooperazioa beharrezkoa da.
Aramaixo Herri Eskolan, ikasleen arteko interakzio sozialari garrantzi handia ematen diogu. Elkarrengandik eta elkarrekiko interakzioan ikasten dutenak eragin handia duela pentsatzen dugu euren garapen prozesuan.
Interakzioa eraginkorra izan dadin, lanaren planteamendu kooperatiboak egin behar ditugula pentsatzen dugu. Kooperazio hau ikasgelatik kanpora eraman nahi izaten dugu, hau da, herrira, auzora. Eta herritarrekin eta auzokideekin ere kooperatzeko eta interakzioa sortzeko moduko bideak bilatzen ditugu.
Ardatz hauek oinarri hartuta, bi korronte metodologiko nagusitzea nahi dugu gure eskolan:
- Proiektuetan oinarritzen den metodologia
- Espazio esanguratsuak eskaintzean oinarritzen den metodologia